
KOLDO MITXELENA Kulturunean informazioa lortzen, heziketan eta aisia aberasten lagundu nahi diegu Gipuzkoako herritar guztiei, zerbitzuak 16 urtetik gorakoei bideratuta dauden arren. Horretarako era guztietako euskarriak erabiltzen ditugu, klasikoenetatik -liburuak, esaterako- hasita, berritzaileenetara -Internet eta Wi-Fi sareak kasu-.
Liburutegi orokorra gara; hau da, era guztietako gaiak lantzen ditugu. Baina humanitateei eta euskal kulturari arreta berezia eskaintzen diegu. Gainera, XX. mendean zehar bildutako bilduma historiko garrantzitsuak ditugu.
- Aizkibel funtsa
- Eusko Ikaskuntza funtsa
- Julio Urkixo funtsa
- Gabriel Celaya funtsa
- Busca Isusi funtsa
- Carlos Santamaria funtsa
- Alfonso Sastre-Eva Forest funtsa
Gaurkotasuneko aldizkari eta egunkariz osatutako hemeroteka zabala (500 izenburu baino gehiago) eta erreferentzia atal aberatsa (entziklopedia espezializatuak, datu baseak, hiztegiak.) dauzkagu erabiltzaileen eskura. Gainera, Gipuzkoako liburutegi publiko eta pertsona guztien eskura 60.000 dokumentu baino gehiago dauzkagu mailegagarri, hainbat euskarritan: liburuak, bideoak, DVDak eta CDak.
Katalogoa internet bidez kontsultatzeaz gain, bestelako eragiketak ere egin daitezke: erosketak proposatu, liburutegien arteko maileguak eskatu, edo gure zerbitzuari buruzko iradokizunak egin.
Kulturaldi, hainbat euskal aldizkaritan argitaratutako artikuluen datu basea, ere kontsulta dezakezu.
Bestalde, funtsak digitalizatu eta formatu elektronikoan editatzeko proiektuaren baitan ondokoak ikus daitezke: liburuxka bildumak (Atzo Atzokoa), grabatuak (Albuma), irakurketa gidak, hainbat jardunalditako txostenak (Antiqva, Con papeles, Gipuzkoa vs Castilla), eta bestelako ekoizpen digitalak ere (Euskadi Sioux aldizkariaren erreprodukzioa, edo Ivan Zulueta, Alfonso Sastre eta Eva Forest, edota Laura Esteveri eskainitako web orriak esaterako).